ARRAUNKETAKO ETA PIRAGUISMOKO TEKNIFIKAZIO ZENTROA +34 679 417 764

Instalazioak

Arraunetxe izenarekin bataiatua, Arraunketako eta Piraguismoko teknifikazio zentroa 1983an eraikitako Orioko Arraun Elkarteko lokal zaharraren gainean egina dago. Bi urte lanean jardun ondoren, 2012. urtean amaitu zen Arraunetxe zentroa.

Gaur egun, Orioko Arraun Elkarteko jarduera guztiak biltzen ditu eraikin berriak. Horrez gain, bertan egiten dira, baita ere, Euskadiko eta Gipuzkoako Arraunketa eta Piraguismoko federazioek sustatutako teknifikazio jarduerak eta bestelako hainbat jarduera, kirol entrenamendura edo aisialdira zuzendutakoak.

5.895 metroko eraikina da. Beheko solairua 2.294 metroko biltegia da. Tarteko solairuan, hipoxiako aretoaz gain, hainbat aldagela, erabilera anitzeko gelak eta Kutxa aretoa dago (gazteentzako ikasketa-areto gisa erabiltzeko edota hitzaldiak antolatzeko).

Lehen solairua errendimendu handiko kirolari zuzendutakoa da eta bertan daude, besteak beste, 1.000 metroko gimnasioa, arraunketarako teknikak entrenatzeko zuloa, entrenatzaileentzako aretoak, test-gela, errekuperaziorako gunea, kirol-medikuak, fisioterapia eta aldagelak. Azkenik, goiko solairuan bulegoak, denda, ostalaritza gunea eta museoa daude.

Arraunetxeren jabetza Orioko Udalarena da eta, etxea eraikitzeko, Eusko Jaurlaritzaren, Gipuzkoako Foru Aldundiaren eta Gipuzkoako eta Donostiako Kutxabank aurrezki kutxaren laguntza jaso du.